XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Desmantelamenduaren testigantza emateaz gain, hedabide errusiarrek euren esku hartu zuten 90eko lehen urteetan botere sovietarraren kontrako ajitazio lanaren zati garrantzitsu bat, ajitazio lan horretan egia eta gezurra maiz nahastu ziren nola orrialde inpresoetan hala uhin elektromagnetikoetan.

2. Hamarkada honetako hedabide errusiarrek iragazki informatiboaren eginkizuna eurenganatu dute, eta gardentasun informatiboaren izenean gobernu errusiar berriaren bozgorailu izan dira erreforma ekonomikoa bideratzeko orduan eta krisi politiko eta militarrak baloratzeko unean.

Prentsa berriak ez ditu prentsa egiteko modu zaharrak erredakzioetatik urrundu, aitzitik manipulazio informatiboak gorengo mailari eutsi dio eutsi.

3. Zelan garai batean hedabide ofizial sovietarretan iharduteko garai hartako alderdi komunistaren oniritzia behar zuen kazetariak, hala orain beharrezkoa du agintari demokrata izendunen baimena hedabide ofizial handietan iharduteko.

4. Hedabide errusiarrek merkatu ekonomiara jauzi egiteak albiste iturrien monopolioa haustea ekarri duen arren, ez du albiste taxukeran hobekuntza nabarmenik ekarri.

Ideologizazioa ez da desagertu hedabide masiboetatik, hau areagotu egin da nahiz eta beste kolore batekoa den orain.

5. Tirada erraldoien joera desagertu egin da batetik; eta, bestetik, egunkarien harpidetza sistema mindu egin den heinean, argitalpenen bila kioskoetara jotzea usuago egiten ari den zerbait bat da.

6. Hedabide errusiarrek mundu merkatura egin dute jauzi azken bost urteotan, gehin-gehienetan albiste agentzia, egunkari eta telebista konpainia britainiar, estatubatuar, japoniar eta alemaniarren eskutik.

7. Hedabide errusiarrek zabaltzen duten informazio orokorrean izugarrizko pisua eta lekua bereganatu du informazio ekonomiko-finantzieroak.